Datuen babeserako legea

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkartea 1990ean sortu zen. Bi helburu nagusi ditu: haur eta gazteen irakurzaletasuna bultzatzea eta euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea eta ezagutaraztea. Elkartean, literaturaren alor horretara modu batean edo bestean lotuta dauden hainbat profesionalek parte hartzen dute, hala nola, bibliotekariek, irakasle eta ikastetxeek, kultur dinamizatzaileek, kultur eta euskara teknikariek, argitaldariek, ipuin kontalariek, idazleek, itzultzaileek edota ilustratzaileek. Finean, euskarazko Haur eta Gazte Literaturarekin harremana duen edonork parte hartzen du.

Alabaina, ez dira hor agortzen Galtzagorri elkartearen jarduerak, OEPLI erakundean (Organización Española para el libro infantil y juvenil) euskal ordezkaritza bere gain du. Hori dela eta, Espainia mailan antolatzen diren lehiaketetan (Lazarillo sarietan, Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionalean) euskal hautagaiak proposatzen ditu. Horrez gain, nazioartean haur eta gazte literaturan entzute handiena duen IBBY (International Board on Books for Young People) erakundeak kaleratzen duen Ohorezko Zerrendarako nahiz Andersen sarietarako euskal idazle/ilustratzaile/itzultzaileak proposatzen ditu Galtzagorrik.

2000. urtean aurrera sortu ziren egun elkartearen ardatz bihurtu diren egitasmo nagusiak: Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak eskola txikietara bideratutako egitasmoak; Liburu Gaztea sariketa (gaur egun book trailer lehiaketa); literatur aretoak; Haur Literatura mintegia; Bularretik Mintzora (gaur egun Mintzoan Kux-kux bihurtua); Klis-klasikoak liburu eta app bilduma; Booktuberboom plataforma eta lehiaketa; MarraziOak eta Biko-Teka sortzaileentzako topaketak; Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak…  Aipatu egitasmo gehienak erakunde publikoen laguntzari esker gauzatzen ditu. 

Argitalpenei dagokionez, Galtzagorrik urtean bitan argitaratzen du Behinola, Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bakarra. Bertan, artikulu eta erreportajeez gain, liburuen iruzkin literarioak biltzen dira.