Hemeroteka

2019-01-15

2019ko BIKO-TEKA tailerrean parte hartu ahal izateko azken astea

BIKO-TEKA izeneko Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogin tza tailerraren 2019ko edizioa urtarrilaren 28tik otsailaren 1era garatuko da. Urtarrilaren 14an bukatuko da Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan hirugarren aldiz burutuko duen tailerrean parte hartu ahal izateko dokumentazioa bidaltzeko epea. Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok gidaturik, 37 ordu iraungo ditu guztira tailerrak. Aurrekoetan bezala, ilustratzaile eta idazleek bikoteka parte hartuko dute. Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Orotara, 8 bikote onartuko dira.

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra abiatu zuen 2017. Urtean. Azken bi edizioetako arrakasta ikusirik, hirugarrena antolatu dute. Iruñean gauzatuko da urtarrilaren 28tik otsailaren 1era. Tailer hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren ekimenari esker jaio eta gauzatzen da eta xede nagusi du haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere.

Lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa honetan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean. Besteak beste, honako edukiak landuko dituzte:

Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua?

Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez?

Zeintzu dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute?

Nola sekuentziatzen da istorio bat?

Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko?

Nola argitaratu liburu ilustratu bat?

Nola funtzionatzen du album ilustratuen edizioaren munduak gurean?

Azken bi galdera horiei erantzuna bilatzeko xedez, euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek aurten ere. Azken egunean, otsailaren 1ean, Mikel Soto (Txalapartako editore ohia) eta Paxkal Indo (ZTK-ko editorea) bertaratuko baitira idazle eta ilustratzaile bikoteei hitzaldi bana eskaintzera.

8 bikote bakarrik

Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri elkarteak. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek beka bana jasoko dute Iruñeko Descalzos kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (Descalzos kalea 56, 2. solairua) goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 28, 29, 30 eta 31n, eta goizez bakarrik otsailaren 1ean burutuko den formazio tailerrean parte hartzeko.

Beharrezko dokumentazioa eta baldintzak

Parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 14a baino lehen bidali behar dute dokumentazioa Galtzagorri elkartera: idazleek, gehienez ere, orrialde bateko idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio. Bikotean aurkezten direnek, euren proiektuaren zirriborroa. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

BIKO-TEKAkideak, Etxepare Sariko irabazle

2019koa Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan garatuko duen hirugarren Biko-Teka izango da. Hasieratik tailer honen xede nagusia izan da parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatzea. Helburu hori erreparatuta, orain arteko tailerren arrakasta handia izan da. Izan ere, bi edizio horietan abiatutako albumak suertatu dira Haurrendako Etxepare Album Ilustratu Sarian garaile. 2017an Paula Estevez eta Ainara AzpiazurenArraroa” albuma gailendu zen; 2018an, berriz, Dani Martiarena eta Ana Ibañezen “Cosimoren Katiuskak”. Bi albumak Pamiela argitaletxeak argitaratu ditu.