Hemeroteka

2019-04-08

Andrea Villamorren lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan

Ekainaren 9ra arte Andrea Villamor Sanchez (Irun, 1988) ilustratzaile, kultur kudeatzaile eta janzkien modelogile patroigile eskalatzailearen lanak izango dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Artearen Historia ikasi zuen EHUko Letren Fakultatean, Gasteizen. Kulturak, arteak eta sormenak erakartzen dute Andrea, eta denbora luzez hainbat museotan dinamizazio lanak zein bestelako ardurak bete izan ditu. Hala nola, Museum Cemento Rezolan, Guggenheim Bilbao Museoan eta baita Cristobal Balenciaga Museoan ere.

Denboraldi batez, modara ere lerratu zen. Patroigintza eta Modako Goi zikloa egin ostean, Loreak Mendian izeneko moda enpresan jardun zuen lanean diseinu eta produkzio departamentuan. Egun, kultur kudeatzaile eta edukien arduradun gisa egiten du lan Bitamine Faktoria kultur elkartean. Bertan proiektu kulturalak diseinatu eta bideratzen ditu. Baita dinamizatu ere.

Andrea Villamorri ordea, Andrea Escargoten lana egitea gustatzen zaio gehien. Izan ere, izen hori hartzen baitu sorkuntza diziplina guztietan bere kuttunena den ilustrazioan aritzen denean. Alor honetan autodidakta da eta pixkanaka joan da trebatzen bere ibilbide profesionala garatzen joan den bitartean.

Andrea Escargot ilustratzaile berezia da. Ez ditu ilustratzaileek erabiltzen dituzten baliabide eta teknikak erabiltzen. Hasteko, eskuz egiten du lan. Papera, guraizeak, bisturia eta kola (ohikoa, zuria) erabiltzen ditu bere konposizioak egiteko. Paper zatiak mozten ditu poliki eta bata bestearen gainean itsasten ditu ondoren, pertsonaia, eszenatoki eta elementuei erliebea eta errealismoa emanez. Hala sortu ditu, detaile eta mimo handiz, dendak, Espainiako eta Portugalgo herri eta paisaia ezberdinen konposizioak, etxeak , leihoak, maletak, sukaldeak, komunak,… baita pertsonaiak ere. Sortzen dituen pertsonaien artean, ezaguna da “Izebak” izeneko seriea, zeinetan ilea urdindutako hainbat emakume irudikatzen dituen lasai ederrean bainatzen, lotan, irakurtzen, … Errebindikazio moduan sortutako piezak dira horiek, emakumeek euren aisialdiaz lasai gozatzeko aukera izatea nahiko lukeelako. Etnografía, Historia, barne espazioen diseinua, dekorazioa eta moda bezalako gaiak uztartzen saiatzen da Escargot bere ilustrazioetan.

Erakusketa ekainaren 9ra arte zabalik egongo da Ilustratzaileen Txokoan.

Ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30. Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00-14:00
  • Astelehenak eta jaiegunak: itxita

Eskola-oporretako ordutegia:

  • Asteartetik ostiralera: 10:00-14:00 Larunbatetan: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00-14:00
  • Apirilaren 18tik 22ra itxita.