Hemeroteka


Elkarbanatu
2019-03-13

Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegietan parte hartzeko aukera dute erkidegoko 100 ikastetxek

Galtzagorri elkarteak bigarren urtez martxan jarriko ditu Irakurzaletasuna Sustatzeko Lantegiak Irakasleentzat, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker. Egitasmo honen bitartez Euskal Autonomi Erkidegoko ehun eskolei aholkularitza zerbitzua eskainiko diegu 2019. urtean zehar. Iaz izena eman, eta parte hartzeko aukerarik izan ez zuten ikastetxeek lehentasuna izango dute aurtengo ekitaldian. Izena emateko Galtzagorrik prestatutako erreserba-formularioa bete behar dute eskolek lantegia egiteko egun eta ordu egokiena aukeratuta. 

Lantegi saioak eskolari ondoen egokitzen zaion tartean egingo dira: goizean, eguerdian edo arratsaldean. Herri bakoitzean, halaber, udal liburutegietako langileak gonbidatuko dituzte lantegietara ikastetxeen eta liburutegien arteko sare lana hauspotzea ere egitasmoaren helburua baita.

Proiektuaren helburua haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera arte) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Lantegietan irakasleei prestakuntza eskainiko zaie irakurketaren bitartekari eraginkor izaten laguntzeko. Bide batez, ikastetxea dagoen herriko udal liburutegietako liburuzainak ere gonbidatuko ditugu lantegietara. Galtzagorriren egitasmo guztiek barne hartzen duten irizpidea da irakurketaren bitartekariei prestakuntza eskaintzea, ezinbesteko funtzioa betetzen baitute haurrak eta gazteak zaletzerakoan.

Lantegi praktikoak dira erabat. Galtzagorriko bi profesional –Intza Alkain Gipuzkoan eta Saroa Bikendi– joango dira ikastetxeetara eta gehienez bi orduko saioak egingo dituzte. Liburuak gurditxo batean eramango dituzte eta liburu bakoitzaren gaiak zein ildo nagusiak aurkeztuko dituzte. Ildo horiek oinarri hartuta haurrekin nahiz gazteekin landu daitezkeen dinamiken proposamenak egingo dituzte. Halaber, gida bat banatuko da eskola bakoitzean.

Aurtengo lantegirako liburu sorta berria aukeratu da: Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako 25-26 ale eta DBHrako 15. Gidak liburu bakoitzarekin egin daitezkeen irakurzaletasuna sustatzeko estrategiak jasotzen ditu. Galtzagorriren xedea kalitatezko euskarazko liburuak eskaintzea da. Izan ere, irakurgai literario onak haurren eta gazteen esku jartzea ezinbestekoa da irakurketara zaletu daitezen. Lantegira eramango dituzte egun ugaritzen ari diren formatuak: album ilustratuak, hitzik gabeko ipuinak eta komikiak, besteak beste.