Hemeroteka

2018-12-29

Web gune berria martxan da www.galtzagorri.eus-en

Haur eta Gazte Literaturako Informazio Zerbitzua 2007. urtean jarri zuen martxan Galtzagorri elkarteak www.galtzagorri.eus helbidean. Urtez urte, hainbat berrikuntza eta eguneraketa egin ditu Zerbitzu honetan. 2018an www.galtzagorri.eus-en web gune berria sortu du: diseinu erabat berria, zerbitzu eta eduki osoago eta aktualagoak eta antolaketa modu berriak eskaintzen ditu orain Euskal Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko web gune bakarrak. Besteak beste, EHGLko agenteei parte-hartzeko aukera handia eskaintzen die, eta bertako edukien artean egin ditugun konexio berrien bidez, modu errazagoan nabigatu ahal izango dute bertan eduki batzuetatik bestera salto eginez. Aldi berean informazio eta bilaketa zerbitzu berrituak eskaintzen ditu sortu dugun atari berriak. Eta hala, Galtzagorri elkartearen web gunea, argiagoa, parte-hartzaileagoa, aktualagoa eta irisgarriagoa izango da hemendik aurrera.

Atari berriak antolaketa eta edukiari dagokionez berrikuntza ugari ditu. Besteak beste, Galtzagorrik burutzen dituen Haur eta Gazte Liburuen zerrenda ezberdinak bildu ditugu “Haur eta Gazte Literatura” atalean (Argitalpenak, Irten berriak, Ezinbestekoak, Liburutegi bat osatzeko zerrenda, Liburu oso gomendagarrien zerrendak) ; eta berdin egin dugu Galtzagorriren kanpaina eta ekimen guztiekin. Azken hauek “Egitasmoak” sisteman jaso ditugu eta antolatu publiko hartzailearen adinaren arabera: haurrak, gazteak eta publiko zabalarentzako egitasmo guztiak jaso ditugu beraz. Orain arte web gunean lekurik ez zutenak ere bai, Ilustratzaileen Txokoa edota Ipuin Kontalarien Maratoia bezalakoak. “Formazioa” atalean ere burutzen ditugun trebakuntza ikastaro, topaketa eta programak bildu ditugu: Irakurketa mintegia, MarraziOak, Biko-Teka, Irakasleentzako Lantegiak…

Menuaren itxura ere aldatu dugu, ikono bidez emana dator orain. Modu bisualago eta erakargarriagoan adierazi nahi izan dugu atal bakoitzak zer eduki biltzen dituen.

Web gune osoan bilaketak

Bestalde, web berria askoz ere irisgarriagoa eta dinamikoagoa da: besteak beste, atariaren goialdean, eskuinaldean dagoen luparen ikonoan klikatuta, web gune guztian bilaketak egin daitezke orain.

Eta bukatzen ari garen “Agenda” atalarekin lotuta, laster, orri nagusian oharrak ematen joango gara: aldez aurretik argitaratuko dira atariaren orri nagusian, teletipoen itxurara, hurrengo hilabeteetan Haur eta Gazte Literaturarekin zerikusia duten ekimenak (ikastaro, klub, areto, tailer, lehiaketa epemuga eta bestelakoak). Hala, ekimen horiek burutu edo ospatuko diren egunak baino lehenago agertzen joango direnez, nahi duenak iragartzen diren egitasmoetan parte hartzeko aukera planifikatu dezake.

Dena konektatuta

Bestalde, argitalpenen fitxak eta egileenak erabat konektatu ditugu: liburu baten fitxatik honen idazle, ilustratzaile eta itzultzailearen fitxetara salto egiteko aukera dago orain; eta aldi berean, horietatik beste egile batzuen obretara nabigatzeko aukera ere eskaintzen du web berriak..

Diseinu moldagarria

Gainera, diseinu moldagarria eskaini diogunez, hemendik aurrera, sakeleko telefonotan eta tabletetan modu egokian ikusiko da www.galtzagorri.eus.

www.galtagorri.eus euskarazko Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko web gune bakarra da. Urtez urte, web gunean dugun Informazio Zerbitzuaren erabilpena handitzen joan dela ikusi dugun arren, azkenaldian sarri jaso izan ditugu EHGLaren agente ezberdinen eskutik zerbitzu hori berritzeko eta osatzeko eskaerak ere. Hortaz, 2018an, web gunea erabat berritzeko erronkari aurre egin nahi izan dio Galtzagorri elkarteak.