Hemeroteka

2019-01-10

Zabalik dago BIKO-TEKA 2019n parte hartzeko epea

BIKO-TEKA 2019k idazle eta ilustratzaileak elkarrekin lanean jarriko ditu berriz ere. Lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa honetan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean.

Gainera, euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek aurten ere. Azken egunean, otsailaren 1ean, Mikel Soto (Txalapartako editore ohia) eta Paxkal Indo (ZTK-ko editorea) gonbidatu baititugu Biko-Tekako parte hartzaileei hitzaldi bana eskaintzera.

Sormenaren eta elkar-lanaren akuilu

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Aurten gainera, album ilustratuen edizioaren munduak gurean nola funtzionatzen duen arakatzen jarraituko dugu, esan bezala, Euskal Haur Literaturan albumak argitaratzen dabiltzan bi argitaletxetako editore-ohi eta buruak parte hartuko baitute tailerrean.

37 orduko tailer trinkoa

Lau egun eta erdiko tailerra Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (56. Zenbakia, 2. solairua) egingo da. Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok gidaturik, 37 ordu iraungo ditu guztira, urtarrilaren 28tik otsailaren 1era:

• Goizeko 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko atsedenarekin).

• Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

• Azken saioa, otsailaren 1ekoa, goizez bakarrik: 9:00etatik 14:00etara.

Parte hartzeko baldintzak

Tailer honetan ilustratzaile eta idazleek bikoteka parte hartuko dute. Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkitzen ahaleginduko da ondoren Galtzagorri elkartea. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek tailerreko formazioa jasotzeko beka bana eskuratuko dute.

2019ko urtarrilaren 14a da beharrezko dokumentazioa bidaltzeko azken eguna: idazleek idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio; bikoteek proiektuaren zirriborro bat. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Urtero bezala, hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

BIKO TEKAkideak, Etxepare Sariko irabazle

2019koa Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan garatuko duen hirugarren Biko-Teka izango da. Hasieratik tailer honen xede nagusia izan da parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatzea. Helburu hori erreparatuta, orain arteko tailerren arrakasta handia izan da. Izan ere, bi edizio horietan abiatutako albumak suertatu dira Haurrendako Etxepare Album Ilustratu Sarian garaile azken bi urteetan. 2017an Paula Estevez eta Ainara Azpiazuren “Arraroa” albuma gailendu zen; 2018an, berriz, Dani Martiarena eta Ana Ibañezen “Cosimoren Katiuskak”. Bi albumak Pamiela argitaletxeak argitaratu ditu.