3-5 urte

IRAKURKETA KLUBAK Galtzagorri elkarteak sortutako irakurzaletasuna sustatzeko ekimenak dira. Ekintza honetan guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.

Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, EHGLko baliabideak erakusten, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.

Guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta beste hainbat ekimen lasai, liburuak ezagutuz gozatzeko.

                                                                                                                      

Honakoak dira egitasmo honekin, besteak beste, lortu nahi ditugun helburuak:

  • Irakurzaletasuna sustatu.
  • Kalitatezko euskal bibliografia ezagutarazi.
  • Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu.
  • Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu.
  • Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu.
  • Haur eta gurasoengan liburutegira joateko ohitura sustatu.

Gaur egun, bost adin tarteri zuzendutako saioak eskaintzen dira.

Edukiak

Gutxienez, hiru saio iraungo dituen klub honetan parte-hartze aktiboa eskatzen zaie gurasoei zein haurrei. Honako ekintzak gauzatzen dira:

  • Saio bakoitzean, 3-5 urteko haurrentzat egokia den bibliografia egoki bat aurkeztuko da; bibliografia hori eskura edukiko dute liburutegian (aurrez dinamizatzaileak zerrenda pasatuko die liburutegiko arduradunei). Liburu gehienak album ilustratuak dira, baina  badira baita ere etxean egunero erabiltzeko testuak dituzten liburu egokiak.
  • Galtzagorriko profesional batek gidatuko ditu saio guztiak.
  • Saioaren une batzuetan, haurrak haien gurasoekin batera arituko dira zuzenean liburuei begira. Ondoren, besteei kontatuko diete gehien gustatu zaien istorioa, gomendioren bat luzatuko dute edota libururen bat erakutsiko diete besteei.
  • Ahozko kontaketak egingo dira saio guztietan. Askotan, haien erreferentzia bibliografikoak azalduko dira.
  • Saio guztietan, tradiziozko haur poesia erabiliko da. Jolasak eta kantuak, antzezpen txikiak, errezitatzeko poemak, aho-korapiloak nahiz igarkizunak…
  • Adin honi egokitutako liburu interesgarrien aurkezpenak, irakurketa sustatzeko teknikak erabiliz egingo dira. Hala, gurasoei beren haurrekin egin beharreko aurkezpenetarako ildo nagusiak zirriborratuko zaizkie.
  • Saio bakoitzean, hurrengo egunean zein aurkezpen egingo dituzten erabakiko da; modu honetan, haurrek eta hezitzaileek ere beren liburu maiteak aurkez ditzakete; etxean dituztenak, liburu dendan ikusi eta irakurritakoak...
  • Trataera grafiko bereziko liburuak aurkeztuko dira, eta haiekin ikuskizun bereziak egingo dira.
  • Sorpresentzako lekua egongo da:  izan ere, ikuskizun xume eta motibagarri batez ematen zaie bukaera Irakurketa Kluben saioei. Horretarako, saio batzuen bukaeran marrazki bizidunen ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute haurrek, beste batzuetan itzal txineskoekin prestatutakoa eskainiko zaie eta beste zenbaitetan antzerki obrak edo jolas ezberdinak ere egingo dituzte.

Partaidetza

Adin honetako haurrentzako klubetan gehienez 10-15 familia onartuko dira.