Mintzoan kux-kux

 

Galtzagorri elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean 10 urtez gauzatu zuen Bularretik Mintzora kanpaina sistematizatuaren oinordekoa da MINTZOAN KUX-KUX egitasmoa. MINTZOAN KUX-KUXen helburua haurren inguruko bitartekariak (gurasoak, bibliotekariak, irakasleak, hezitzaileak) formatzea da, etxean, eskolan, kalean eta liburutegian haurrei eta haurrekin modu naturalean irakurtzen jarrai dezaten.

Oraingoz, hauexek dira MINTZOAN KUX-KUX-en baitan Galtzagorri elkarteak eskaintzen dituen ekimen eta baliabideak:

1. Motxila txikien zirkuitua

Motxila txikiaren helburua ikastetxea, etxea eta herriko liburutegiaren arteko lotura sistematizatu bat sortzea da, eta aipatutako hiru guneak lotzen ditu, nolabaiteko zirkuitu bat eratuz. Parte hartzen duten herrietako ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako ikasgela bakoitzean, motxila txiki bat egongo da. Astero, ikaskide batek hartzen du motxila horren ardura, eta gurasoekin joaten da liburutegira, gustuko duen liburu bat aukeratzera. Pare bat egunetan etxean izaten dute liburua irakurtzeko eta gozatzeko, eta, ondoren, ikasgelara eramaten du haurrak. Bertan, astebetez, liburu gonbidatua izango da, eta hainbat ekintza egingo dituzte haren inguruan. Epea bukatutakoan, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berdinari.

Motxila barnean Mintzoan kux-kux egitasmoko bibliografian dauden izenburuak mailegatzea gomendatzen dugu.

                                                                                                 

2. Difusio materiala

Motxila txikiekin bezala, Galtzagorrik Bularretik Mintzora egitasmorako sortutako kartelak eta bestelako materialak eskuragai daude Galtzagorri Elkartean. "Bularretik Mintzora" nahiz "Sasi Guztien Gainetik" CD-liburuak ere eska ditzakezue.

3. Lantegiak

MINTZOAN KUX-KUXen gurasoei eta bitartekariei (irakasle, bibliotekari, hezitzaile,… ) leku garrantzitsua eskaini nahi diegu. Horregatik, egitasmoaren barruan bitartekarientzako (guraso, irakasle, hezitzaile eta bibliotekarientzat) formazio lantegiak egiten ditugu. Pixkanaka eskaintza hori zabaltzen joango garen arren, hauek dira oraingoz eskaintzen ditugunak:

Pello Añorga. Elkar entzuteko gunea sortzen etxean.

Xabier Olaso. Ilargian Kulunkantari.

Itziar Zubizarreta. Irakurri aurretik irakurri.

Yolanda Arrieta. Zer egin liburuekin: kontu kontari.

Juan Karlos Alonso. Emozio hezkuntza eta Haur Literatura.

4. Irakurketa Klubak

Ekintza honetan guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera. Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, HGLko baliabideak erakusten dira eta kontatzeko moduak azaltzen dira. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.

Honakoak dira egitasmo honekin, besteak beste, lortu nahi ditugun helburuak:

  • Irakurketa sustatu
  • Kalitatezko euskal bibliografia ezagutu
  • Guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu
  • Guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu
  • Haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu

Egun, adin tarte hauei zuzendutako klubak eskaintzen dira:

                                                                                                 

 

5. Osasun zentroak.

Osasun profesionalentzat bidelagun ona da Haur Literatura. Izan ere, haurraren garapenerako garrantzitsua da haurrak gurasoekin tarte lasaiak eta aberasgarriak partekatzea. MINTZOAN KUX-KUX egitasmoan haur literaturak gurasoei haurrarekin komunikazio osasuntsua eraikitzeko baliabide egokiak eta kalitatezkoak eskaintzen dizkiela uste dugu. Beraz, sehaska kantuak, hitz jokoak, bestelako kantuak eta ipuinak haurraren garapen integralerako tresna paregabeak dira.

Hala nahi duten Osasun zentroetan profesionalentzako (pediatra, emagin eta erizainentzat) prestakuntza saioak eskaintzen dira. Bertan, egitasmoaren oinarri teoriko-praktikoaren azalpen bat ematen zaie, eta baita gurasoei aholku horiek transmititzen jakiteko oharrak ere.

Jaioberriek pediatrarenera egin behar dituzten derrigorrezko bisitaldietan haurraren irakurketa ohituren jarraipen bat burutzen da, pediatriako protokoloan jaso eta haurraren mediku historian gordetzen dena. Gurasoei, halaber, errezeta literario batzuk banatzen zaizkie.