Bikoteka

Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera Biko-Teka tailerra antolatzen du Iruñean. Tailerraren xedea idazle eta ilustratzaile hasiberriek bikotean elkarlanean jartzea da eta elkarlan horretatik album ilustratu baten proiektua sortzea. Finean, album bat nola pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen lantzen dute lau egun eta erdiz irauten duen tailer trinkoan.

Urrats guzti horietan sakontzeko ariketa sorta oparoa eskaintzen dute irakasle lanak egiten dituzten Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak. Iratzargailu ariketak -idazketa automatikoa ia-ia-, irudiek iradokitzen dutenetik abiatutakoak, hitzetatik irudiak sortzekoak, film zatietatik edo musika aleetatik abiatutakoak... Guztia bihur daiteke inspirazio iturri. Ariketa eta hausnarketa tarteez gain, bikoteei lanerako denbora ematen diete eta denbora horretan, hain zuzen, sortzen dira album ilustratuen proiektuak. Sortutako den-dena, izan ariketen emaitzak nola elkarlanarena, ikaskideekin partekatzen da Biko-Tekan.

Halaber, edizio munduaren nondik norakoa ezagutzeko aukera eskaintzen du tailerrak azken egunean bi editore hartzen baititu taldeak eta haiekin solasaldian aritzeko parada daukate sortzaileek.

Ikastaroan parte hartzeko aukeratuak diren sortzaileek beka bana jasotzen dute. Azken bi urteetan Biko-Tekan abiatutako bi proiektuek jaso dute Haurrentzako Album Ilustratuak sortzeko Etxepare Saria: Ainara Azpiazu "Axpi"k eta Paula Estevezek, Arraroa (Pamiela, 2017); Dani Martiarenak eta Ana Ibañezek, Kosimoren katiuskak (Pamiela, 2018).