Marrazioak

2008an hasi zen Galtzagorri elkartea MarraziOak tailerra antolatzen. Orduan Artelekun egiten zuten. Ilustratzaileei bakarrik zuzendutako tailerra da hala hasiberriak nola kontsakratuak; tarteren batean idazleei eta ilustratzaileei zuzendutakoa izan zen, baina ilustratzaileentzako tailer gisa egonkortu zen. Udazkenean egiten da Donostiako Komikigunean eta urtero gai batetik tiratuta egiten dute lanketa. Irakasleak txandakatu egiten dira: Ignasi Blanch ilustratzailea-Harkaitz Cano idazlea eta Elena Odriozola ilustratzailea-Gustavo Puerta haur eta gazte literaturan aditua.

Tailerra trinkoa da eta bost egunez aritzen dira sormen lanean. Orain arteko MarraziOetan landu dituzten gaien artean ondokoak daude: memoria, ilusionismoa, album mutua, haur txiki-txikientzako albumak eta abar. Gaiak gai, obra grafikoaren edukia eta forma, generoak, pertsonaien egitura psikologikoa zein formala, gidoiaren eraikuntza nahiz sekuentziazioa, kolorea zein adierazpena eta finean album ilustratuak sortzeko giltzak eskaintzen dizkie tailerrak ilustratzaileei.

Galtzagorri elkarteak sortutako tailerrean parte hartzeko aukera duten ilustratzaileek beka bana jasotzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker.