Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Amona bizikletan

Idazlea: Joxan Ormazabal Berasategi

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Bilduma: Kuku saila

Orri kopurua: 49


Laburpena:
Bost urte dira aitona hil zitzaigula. Eta ganbaran zintzilik geratu zen haren bizikleta zaharra. Atzo zer bururatuko amonari eta, ganbarara joan, aitonaren bizikletari hautsak kendu eta bi gurpilak puztu zizkion. Harrituko zarete handik aurrera amonak zer egin zuen jakitean.


Prentsako aipamenak:

- Alfredo Lopez de Sosoaga Lopez de Robles, Behinola 4.zenbakia, 2001eko apirila Gai zokoratu bati heldu dio Joxantonio Ormazabalek liburu honetan, alegia, heriotzari. Ausarta bada idazlea, gizartean zabaldutako egungo joera superfiziala gainditzeko ahalegina egin baitu, bide batez haurrei Herioaz hausnartzeko parada eskainiz. Gainera, eskertzekoa da egileak Casper bezalako sasimamurik ez plazaratzea. Hildakoa hurbila izango da, Gaxpar, biloba narratzailearen aitona, eta horregatik, historiak sinesgarria eta gizatiarra dirudi.
Hasiera bera gogorra da, bilobaren ahotik irakurtzen dugunean: bost urte badira aitonak gure artetik alde egin zigula. Baina aipatu aitona ez dago guztiz hilda, gogoratzearekin batera berriro bizi daitekeelako, bilobari gertatzen zaion legez. Alta, amonari, Pantxikari, ametsetan azaltzen zaio Gaxpar. Orduan hasiko dira komeriak Pantxikarentzat, izandako senarrak agindutakoa betetzen saiatuko baita, umorez beteriko pasadizioak gertatuz. Adibidez, aitona Gaxparrek emazteari bizikleta zaharra igerilekura eramateko agintzen dionean.

Ipuin honetan heriotza ardatz nagusia izan arren, bada beste gai bat aipagarria dena, hau da, askatasuna. Amona bizikletaren gainean ikustea askatasunezko irudia da, bi arrazoirengatik: lehenbizikoa, oro har, agureek luze bizi ondoren, nahi dutena egiteko ia askatasun erabatekoa baitute, eta bigarrena, bizikletaz ibiltzeak independentzia eta askatasuna ahalbidetzen baititu batez ere haur eta nerabeentzat.

Hauez gain, ez da ahaztu behar amona eta bilobaren arteko konplizitatea. Biek harreman estu-estua izango dute. Hortaz, bilobak berak gurasoen aurrean amonatxoaren irteera estaliko du.

Azken bolada honetan, lan ugari dira Jokin Mitxelena marrazkilariak egindakoak, besteak beste, Txilikuren Kikik koko nahi du, Patxi Zubizarretaren Bakarrik eta Buztangabe edo Xabier Etxanizek bilduriko Geure ipuinak. Hauetan guztietan maisuki aritzen da marrazkietan eta koloreetan. Ildo beretik dator, oraingo honetan. Izan ere, oso ondo adierazten du Gaxparren irudia edo izpiritua txuriz margotzean, eta gainera, kolore bera erabiltzen du Pantxikaren ile urdinduan eta gonan.

Bukatzeko, haurrek ipuina irakurritakoan, ea hil ondoren zer gertatzen den galdetuko digute ziur asko. Guraso fededunak izanez gero, erantzun zehatzagoak emango dizkiezue seme-alabei. Federik gabekoek aldez aurretik prestatu erantzunak, aho bete hortz geratu nahi ez baduzue, behintzat!


Amona bizikletan