Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Iqbalen historia. 2. edizioa

Idazlea: Francesco DŽAdamo

Itzultzailea: Lurdes Auzmendi Aierbe

Argitaletxea: Alai

Urtea: 2017

Bilduma: Ganbara bilduma

Orri kopurua: 160

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Eleberri honek Iqbal Masih mutil pakistandarraren benetako historia kontatzen digu, umeen lan esplotazioen aurkako sinboloa bihurtu dena. Beste zenbait ume mordoa bezalaxe bai Pakistanen bai munduko beste herrialde txiroetan legez bere familia nekazariak Iqbal saldu zuen 16 $ mailegua ordaintzeko. Iqbalek alfonbra lantegi batean egin beharko du lan egunero 12 orduz rupia bakar bateko soldataren truke familiak duen zorra kitatu arte (sekula gertatuko ez dena).
Iqbal Ume Langileen Askatasunerako Frontearekin harremanetan jarriko da eta borrokatu eta ihes egingo du lanetik. Geroxeago, elkartean parte hartuko du eta beste zenbait ume askatzen lagunduko du.
Nazioarteko komunikabideek horren oihartzuna izango dute eta 1994an Gazte ekintzaileak Reebock saria eman zioten eta beka bat zuzenbidea ikasteko. Pakistanera itzuliko da eta gurasoen herrian oporretan dagoela alfonbragileen mafiak garbituko du.

 

 

Book Trailerra (Liburu Gaztea book Trailer lehiaketa 17-18, Epaimahaiaren Saria, DBH 1-2 kategoria):


 


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 10. zenbakia, 2004ko ekaina Ez dadila oroimena galdu

"Iqbal Masih 1995eko Pazkoa egunean hil zuten Pakistanen, Lahoretik hogeita hamar kilometrora dagoen Mutrike herrian. 13 urte inguru zeuzkan". Honela hasten da liburu honen epilogoa, hitzaurrean esaten zaiguna; hots, liburu hau benetan gertaturiko historia baten narrazioa dela, berretsiz.

Iqbal Masih haur esklaboa izan zen aurreko hamarkadan, eta ihes egin ondoren esklabotaren kontra borrokatu zen haurra zelarik. Hil zutenean egunkarietan agertu zen, baina eguneroko zurrunbiloan albiste hori ere laster desagertu zen. Oroimenean bizirik iraun dezan idazti zuen Francesco D´Adamo italiarrak historia hau, berak erdi ahaztua zuena bergogoratuz: "Handik urte batera, haren izena eta aurpegia haizeak horma baten gainean astintzen zuen panfleto batean aurkitu nituen. Aitortzen dut: ahaztua nuen, egunero asaldatzen nauten beste hainbat historia anker ahazten ditudan bezala". Eta egia da, horrelako kontuak laster ahazten zaizkigula gizarte honetan. Gure artean, hala ere, mutiko honen oroimena bizirik iraun du; Gasteizko plaza batean bada Iqbalen izenean eginiko eskultura txiki bat, edo, liburuetara etorriz, Edebe-Giltza argitaletxeko irakur liburu batean Iqbalen historia agertzen da komiki batean.

Irakurle argiak ikusiko zuen bezala, gazte literaturan kokaturiko liburu hau ez da ohiko nobela; ez da abenturazko liburua, nahiz eta zenbait abentura kontatu, ez da biografia bat, Iqbalen eta haren antzeko beste batzuen bizitza kontatu arren, ez da nobela psikologikoa, horrelako gogoeta sentimendu ugari baldin baditu ere; nobela hau, aurreko hiru iturri horietatik sortua da, baina batez ere, eta egileak liburuaren paratestuetan oso argi adierazten duen bezala (hitzaurrea, epilogoa, azken solasa,...) helburu didaktikoa garbia da; gaur egun gure munduan dagoen haur esplotazioaren kontrako narrazioa da: "Espero dut, liburu hau irakurri ondoren, bakarren batek (...) umeen esplotazioari buruz gehiago jakiteko gogoa izatea", Iqbalen historiaz gain D´Adamok hainbat datu ematen baitizkigu azken solasa atalean. Baina, eta hori ere onartu egin behar da, liburu honek irakurlearengan esklabotza, zapalketa eta esplotazioaren kontrako jarrera sortarazten baldin badu hori idazlearen estiloa eta tonuari zor dio neurri handi batean. Egileak lehen pertsonan kontatzen du historia, benetako historia (eta ez istorioa), baina ezin lehen pertsona hori Iqbal bera izan (hasieran aipatu bezala mutikoa hil egin zutelako), horren ordez pertsonaia bat asmatu du egileak, Fatima gaztea, historia kontatu diguna. Fatima eta gainerako neska-mutilak asmatuak dira, baina bene-benetakoak izan zitezkeen, Iqbalekin batera ehundegian esklabu lanean aritu zirenak bezalakoak.

Nobela kronologikoki kontaturik dago, lehen pertsonan arestian esan bezala. Fatimaren oroimenak dei zitekeen liburua, libre eta heldua den emakumeak Iqbalen historia kontatzen baitigu, baina bere ikuspuntutik, bere erealitatetik, bere historiatik abiatuta. Hamabost kapitulutan Fatimak ehundegiko bizitza kontatzen digu, eguneroko biziraupena, eta nola aldatu zen bertako giroa Iqbal errebeldea agertzean, elkartasuna eta itxaropenari leiho txiki bat ireki zela... baina gertakarien narrazioa garrantzitsua izanda ere, are gehiago benetako gertakarietan oinarrituriko nobela batean, Fatimaren sentimenduak eta pentsamenduak gertakariek beste pisu dute nobelan. Giroketa eta pertsonaien eta tokien azaltzeko orriak astunagoak badira ere, laster gertakariek bizitasun handia ematen diote nobela, Fatimaren narrazioari. Azken, kapitulua, berriz, ez da Fatimak idatzia, Mariak bidalitako eskutitz hunkigarria baizik, bertan Iqbalen heriotzaren berri ematen dio lagunari, eta Fatimari luzatzen dion eskaera, nobelari amaiera ematen dion eskaera, irakurle guztioi egiten diguna: "Gauza bat bakarrik eskatzen dizut: ez ahaztu ezer. Ezta gauza txiki eta nimiñoena ere. Kontatu norbaiti gure historia. Kontatu mundu guztiari ez dadila oroimena galdu."
- HUHEZI. Haur Liburu Mintegia. Irakur Gida 2003 ``Eleberri honek Iqbal Masih mutil pakistandarraren benetako historia kontatzen digu, umeen lan esplotazioen aurkako sinboloa bihurtu dena... familia nekazariak saldu zuen... alfonbra lantegi batean egin beharko du lan egunero 12 orduz rupia bakar bateko soldataren truke zorra kitatu arte (sekula gertatuko ez dena)...´ Hori da liburuaren azal hegalean irakurtzen dena. Gero, irakurtzen hasi eta berehala ohartuko gara prosa arinean idatzia dagoela eta erraz irakurtzen dela.

Liburuan hiru zati bereiziko ditugu:hitzaurrean, hitz gutxitan, eleberriaren muinean sartzen du irakurlea pertsonaiak aurkeztuz.Ondoren, lehenengo kapituluan Fatimak Italian etorkin gisa dituen bizipenak azaltzen ditu, eta Iqbal eta bere historia gogoratzen. Horrela, beti ere Fatimaren ikuspegitik, Pakistanen murgiltzen gaitu, alfonbra lantegi batean. Bizimodu gogorra, deserosoa,... haurren ustiaketa gupidagabea deskribatzen du hamasei kapituluan zehar.Bukaeran, epilogo motz bat (Iqbal Musih-ren azken berriak ematen ditu) eta `azken solas´bat dakartza: liburuaren zergatia adierazten du, esklabotasun forma modernoak salatzen ditu, uste ez badugu ere nonahi ikus ditzakegunak. Baita `lehen munduan´ ere.

Salaketa liburua dugu, beraz. Idazleak garbi adierazten du hori hasieran eta bukaeran. Amaitzeko ipini duen azken esaldian halaxe dio: ``Mesedez norbaitek konta dezala´´.

hala ere, salaketarako pentsatua dagoela garbi jakin arren, irakurketak jakin-min handia sortzen du. Haur langileak ongi marraztuta ageri dira, beren ametsek indar handia dute, ia etsipenek bezainbeste, Iqbalek lortzen du ametsak egia bihurtzeko esperantza zabaltzea. Errebeldia posible dela jabetzen dira. Eta, tartean, ezintasunaren erdian, elkartasuna... eta maitasuna. Baikortasuna dario eleberriari. Hunkigarria da.

Zaude ziur gazte literaturako apaletan eduki beharreko liburua dela.

Oharra:

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo ezazue Interneten honako web orrialdeetara:

www.amnesty.org eta www.solidaridad.net


Iqbalen historia. 2. edizioa