Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Kikik koko nahi du

Idazlea: Jesus Mari (Txiliku) Olaizola Lazkano

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2000

Bilduma: Kuku saila

Orri kopurua: 66


Laburpena:
Kontua da Kiki asko haserretzen dela goseak dagoenean, eta inork kasurik egiten ez badio, oraindik gehiago. Ikaragarri. Sekulako oihuak egiten ditu!<BR>
Egun hartan, nire aitonak lan asko eta loroak pazientzia gutxi, izugarria gertatu zen...


Prentsako aipamenak:

- J.K. Barrutia, Behinola 5. zenbakia, 2001eko abendua Kiki loroaren aitzakiarekin beste kontu batzuk


Jesus Mari Olaizolak ez zituen 2000. urtean liburu dendetako erakusleihoak utzi, eta han ibili genituen haur literatur zaleok orain bere liburu hau, eta hura gero: Axa mixa zilarra eder eta zoragarria eta Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan liburuaren berrargitalpena.
Elkarlaneanen eskutik, Oihaneko mutikoa Gara egunkariak Gabon inguruan banatua, eta lerro hauek idaztera bultzatu nauen loro gorriaren beste bi liburuak. Horiek behintzat izan ditugu esku artean. Aipatutako azken biotara mugatu nahi nuke, ordea, lerrootan.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu zuen Aitonaren loroa ezagutu genuen lehenengo, “Lau liburu helburu” kanpainaren barruan, Landa eta Odriozolaren Amona, zure Iholdi! –“Kometa, 8” aldizkarian 98an irakurri genuena eta Ereinek ere iaz argitaratu zuena–, Zubizarreta eta Mattinen Titanick eta Igerabide eta Lucasen Ttolo maitea liburu(txo)ekin batera. Eta gure eta ikasleen gozamenerako ezagutu ere. Polita, atsegina, biribila iruditu zitzaigun orduan.

Laster jakin genuen ipuina luzatua kaleratuko zuela Elkarlaneanek Kuku Saila izena izango zuen bilduma berri batean. Ikusi genituen bada, azkenean, bilduma –eta baita benetan ederra iruditu ere– eta Aitonaren loroaren bertsio luzatua: Kikik koko nahi du. Eta, hara! Are politagoa, biribilagoa, iruditu zaigu honako hau lehengo bertsio labur hura baino. Ipuin sinplea da, baina bere konplexutasuna ere baduena; istorio errealista-edo, baina baita fantastikoa-edo ere; barrerako tarteak eskaintzen dituena, negarrerakoak baztertu gabe. Honi guztiari gehitzen badizkiogu Jokin Mitxelenaren lan bikaina eta argitaletxearen ahalegin eta apostu eskertzekoak (formatu, maketazio eta materialen kalitatea, eta ilustrazioari eta koloreari eman zaien garrantzia) ez da zaila liburu oso baten aurrean gaudela sentitzea.

Bukatzeko, eta behin Mitxelena ahotan hartuta, ezin utziko dut Jokinen aterki galdua aipatu gabe utzi. Aurreko BEHINOLAren batean aipatu izan du beste erreseinagileren batek ere, eta baita Jokinek berak ere Sorgina eta maisua liburuaren kontrazal-hegalean. Beraz, tira!, horra seme-alaba edota ikasleekin jarduteko jolas polita (beste bilduma ezagun hura gogoan): Non dago aterkia? Lerrootara Kuku Saila ekarri dudanez, bilduma honetan Mitxelenak ilustratu dituen hiru liburuak (M. Landaren Sorgina eta maisua eta J. Ormazabalen Amona bizikletan dira beste biak) erabil ditzakegu jolasean hasteko eta, agian, aterkiaren bila gabiltzala, irudigile honen lan nahastezinean “lan modu” ezberdinak edirengo ditugu.

- Gara Esku artean dugun liburu hau Elkarlanean argitaletxeak kaleratu duen Kuku sail berriaren hirugarren liburua da. Sail honetako liburuak 8 urtetik aurrerako irakurleei zuzenduta daude. Saila osatzen duten beste liburuek Joxeantonio Ormazabalek eta Elena Odriozolak eginiko "Gorritxo eta Beltxiko" liburua eta Juan Kruz Igerabidek eta Lorena Martinezek egindako "Ondo Joan". Kolore biziz eta alaitasunez beterik datozen liburu hauek haurrak irakurketara erakartzeko ezin hobeak dira, erakargarritasuna handia baitute. "Kikik koko jan nahi du" ipuinean Kiki loroa da pertsonaia nagusia eta, goseak dagoenean, asko haserretzen dela ondorioztatzen da bertan. "Gorritxo eta Beltxiko"-n, berriz, bi inurriren arteko adiskidetasuna eta gorabeherak dira protagonista eta, azkenik, "Ondo joan"-en jostailu saltzaile baten istorioak ezagutzeko aukera eskaintzen da. Guztiak entretenigarriak eta arinak dira, marrazki politez lagundurik datozelarik. Dudarik gabe, udaran irakurtzerko liburu aproposak.


Kikik koko nahi du