AURREKO EDIZIOAK > 2014-2015

- Liburua, irakurlea eta egin beharreko lanaren arteko bitartekari lana egitea dagokio bitartekariari.

- Book trailerra Euskara, Literatura edo Irakurketa bezalako ikasgaietan isolatuta lantzea baino hobe da Ikusentzunezkoak, Teknologia edo Informatika bezalako ikasgaiekin batera lantzea. Horrela, bitartekari bat baino gehiago izango dute ikasleek laguntza behar dutenerako.

- Kasu gehienetan ikasleak alde teknologikoarekin ez du arazorik izango, baina book trailerraren edukia behar bezala osatzeko laguntza edo orientazioa eskertuko ditu.

- Ikasleek alde teknologikoarekin arazoak dituztenean eta irakasleak berak lagundu ezin dienean, ikastetxean arlo horretan dabilen profesionalaren laguntza lortzea izango litzateke onena.

- Liburuaren gai nagusia, generoa, mezua, protagonisten ezaugarriak, garai historikoa, gertaera historikoak... irakurgaiak era askotan landu daitezke eta liburu bakoitzari zuku handia atera dakioke. Horretarako eskura dituzue Aurtengo Proposamena osatzen duten liburuen unitate didaktikoak (liburu bakoitza klikatuta deskargatu ahal izango duzue PDF formatuan).

- Gogoan izan literatura eta irakurketa sustatzea direla lehiaketaren helburuak, nahiz eta horretarako bitartekari gisa teknologia berriak hautatu ditugun. Hortaz, liburua ondo lantzeak book trailerrarentzat gidoi on bat osatzeko aukera gehiago emango dizkie ikasleei.

- Book trailerrak haur eta gaztetxoak irakurketara erakartzeko baliabide ezin aproposagoak dira. Hortaz, argi izan helburua eta gozatu!

 

Jarraian Karen Spring adituak book trailerrei eta irakurketari buruz idatzitako artikuluko (Booktrailerrak, haurrak irakurketara erakartzeko bidea) punturik aipagarrienak bildu ditugu.

 


"Booktrailerrak, haurrak irakurketara erakartzeko bidea"


*Karen Springen-ek School Library Journalen argitaratutako
artikulutik ateratako punturik garrantzitsuenak.

Duela gutxi arte, argitaratzaileek beren liburuak markagailuen bidez iragartzen eta sustatzen zituzten, edota egileek berek egiten zituzten aurkezpenak. Baina bat-batean YouTube sortu zen eta argitaratzaileek beren marketing kanpainetarako funtsezko elementutzat jo zituzten liburuen trailerrak, booktrailer izenez ezagun egin direnak.

Horrela hasten da School Library Journal web gunean argitaratutako Karen Springen-en artikulua.

Aditu honen arabera, liburu baten booktrailerra egiterakoan ezinbestekoa da honek liburuko narrazioaren zatiak izatea. Modu horretan, ikuslea liburua zeri buruz den usaintzen hasiko da. Baina kontuz! Helburua ez da liburuaren laburpena egitea, liburuaren aurrerapena baizik.

Oso kontuan izateko beste ezaugarri bat iraupena da. Karen Springen-ek dioenez, booktrailer onenek gutxi gora-behera minutu bat iraun ohi dute. Tarte horretan, edonor gera daiteke liburuaren funtsarekin. Iraupen luzeagoa izanez gero, istorio osoa kontatzen bukatzeko arriskua dago, eta orduan ez du zentzurik izango liburua irakurtzeak.

Umorea ere ezaugarri garrantzitsua da.

Zenbait bideo liburuaren egileari egindako elkarrizketa hutsa dira, baina era horretako bideoek askoz hobe funtzionatzen dute irakurleek liburua irakurri ostean.

Dena dela, booktrailerrak ezinbestean oinarrizko informazioa eman behar dute: - Egilearen izena - Liburuaren titulua - Azaleko irudia ere jar daiteke - Amaitzeko liburua irakurtzera animatzeko esaldiren bat izan beharko luke.

Artikuluan Springenentzat interesgarrienak diren lanak aipatzen dira: McCarty Chloe-ko Peter egilearen aurkezpen bideoa, urteko liburu ilustraturik onenaren The New York Times saria jaso zuena. Aurkezpen-bideo hauek publiko zabalari zuzenduta daude, ez soilik haurrei. Hori dela eta, Simon & Schuster bezalako argitaletxeek beren bideoak teachertube.com bezalako web guneetan aurkezten dituzte. Irakasle eta hezitzaileek ikusi eta beren ikasleei ezagutzera eman eta irakurtzera animatzeko modu erraz, azkar eta eraginkorra da.

Beste erronketako bat, Springenen iritziz, etxeko bideoak egitea da. Aukera hori hautatu dutenen artean hezitzaileak eta ikasleak daude. Irakasle askok bere ikasleak animatzen dituzte gustuko dituzten liburuen bideoak sortzera. Modu horretan, gidoi grafikoak egiten ikasten dute, efektu bisualik onenak aukeratzen ikasten dute, istorioa aztertzen dute zatirik interesgarrienak aukeratzeko, eta ekoizpen osoaz arduratzen dira.

Liburutegien kasuan ere gauza bera esan daiteke.

Azken finean, booktrailerrek haurrekin, irakurleekin konektatzeko eta liburuei buruz hitz egiteko modu polita eskaintzen dute.

Gisa honetako aurkezpen-bideo bat egitean kontuan hartu behar da eragin birala izan behar duela. Hau da, zabaldu nahi den mezua sare sozialak erabiliz hedatzea komeni da, bestela ez baitu behar besteko oihartzunik izango eta ez da bideoaren helburua erabat erdietsiko. Bideoa egileak erabiltzen dituen sare sozialetan jarri ezkero, hedapen eta oihartzun handiagoa izango du.

Argitaletxeen kasuan, liburuen promozio kanpaina hauek egiteko aktore ezagunekin sortutako booktrailerrak egitea da beste bide bat. Baina irakurleek liburua irakurtzerako pertsonaien itxura ezagutuko dute eta bakoitzak bere irudimenerako askatasun gutxiago izango du.