AURREKO EDIZIOAK > 2016-2017

Din, dan, don... kanpai-lapurrak non?

  • Egilea: Pako Aristi Urtuzaga
  • Argitaletxea: Elkarlanean
  • Urtea: 1996
  • Bilduma: Xaguxar
  • Orri kopurua: 68
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Xabier Etxaniz
  • Laburpena:

    Etxe batean argia joan da. Bertako biztanleek ez zuten izango bestela aspaldiko kontu zahar hau kandela-argitan entzuteko aukerarik. Polita, erakargarria eta indar handiko kontakizuna: orriak jan beharrean irakurtzeko modukoa. Lapurrak, gerra, gorrotoa, amodioa... denetik aurkituko du irakurleak liburu honetan. Bigarren Karlista Gerrate garaian dago kokatua. Baptiste Lizarraga lapur handiak eta Baionako bitxigile aberats batek egin zuten tratuarekin hasten da, eta idazleak azkenerako gordetzen duen sekretutxo batekin bukatu. Liburu laburra baina mamitsua, idazle on baten lumari dagokion bezalakoa.

  • Prentsako aipamenak:


    - Felipe Juaristi, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa Zilar bila
    Ipuin polita da Pako Aristiren hau, izenburutik hasita. Soinu ederra kanpaiarena, Azpeitiako alde horretan esaten den bezala. Bigarren karlistadako historia dakarkigu, gainera. Gerrari buruzko kontaeretan abentura izan ohi da oinarrizkoena. Eta hemengoan abentura ugari aurkituko ditu irakurleak. Pako Aristik ipuin honetan narratzaile bat sartzen du, narrazioa gero bideratuko duena. Herri txiki batean argirik gabe gelditzen dira, etxekoak telebista ikusten ari diren uneantxe. Kandela saltzaile bat pasatzen da herritik eta berak kontatzen du Beizamako kanpaidorreko kanpaia lapurtu zutenekoa.

    Abenturatzaile bat dugu historia honen protagonista: Baptiste Lizarraga, azeria bera baino maltzurragoa, Axular bera baino ipuin asmatzaile handiagoa. Talde bat osatuko du kanpaia lapurtzera joateko. Hasieratik sortuko zaizkie arazoak, ordea. Izugarri kostako zaie kanpaia bere tokitik kendu eta gurdira ekartzea. Izugarri, gurdia ibilian jartzea. Hori ere lortuko dute. Baina seguru daudela uste dutenean, orduan kanpaiak hil-bezperak joko ditu, Santa Kruz apaizaren taldearekin topo egingo baitute.

    Horixe da, gutxi gorabehera, Pako Aristik kontatu duen historia. Gerran gertatzen den bezala, kontaeran ere nahasketa handia dago: kanpai lapurrak, karlistak eta, azkenik, liberalak. Ez dugu lehenago esan, baina kanpaia lapurtzeko arrazoia oso sinplea da. Beizamako kanpai hori erdia zilarrezkoa da. Kanpaia tona bat pisu dela jakinik, atera kontuak.

    Ondo amaitzen den historia dugu, bestalde. Ez da azeriena irabazian ateratzen dena, baizik eta sentimendu onak ageri dituena. Hori Pako Aristiren lezioa. Bakoitzak atera bitza bere ondorioak.


    - Xabier Etxaniz, Egunkaria 1997ko martxoaren 15a

    Karlistadetan lapurrak, abenturazko jenerorako bi osagai ezin hobeak Pako Aristiren eskutik. Horixe genuke liburu honetako konbinaketa eta Pakok maitasunez lortu du osagaien nahasketa. Irakurlea hasiera-hasieratik sentitzen da harrapatuta Baptiste Lizarraga lapurrari eginiko proposamena eta honen traiziogatik. Baina, era berean, irakurlea idazlearen estilo eta idazkera zainduagatik ere harrapatuta dago.

    Berrogei orrialdeko kontakizunean, aurretik eta ondoren kokatzeko dagoen istorioa ere bada, ekintzak eta intrigak dute pisua eta garrantzia. Tona bateko kanpaia lapurtu behar baitu Baptisten taldeak: ez edonolako kanpaia ordea, bostehun kilo zilar duena baizik. Baionako bitxigile batek esana Beizamako kanpai hori lapurtu, gurdi batean eraman eta Berastegiko benta batean gorde behar dute. Lapurreta garbia, baina gerra baten erdian eta horrek hainbat arazo sortaraziko dizkie, Santa Kruzen agerraldia eta liberalen erasoa tartean.

    Ipuina amen batean irakurtzen da, estilo arinagatik eta ekintzen bizitasunagatik. Baina batik bat argumentuak kanpaiaren (eta lapurren) amaiera jakitera bultzatzen zaituelako, jakinminak eraginda, irakurleak hasi eta bukatu egiten duen liburu baten aurrean gaude.

    Arestian ere aipatu izan dugu Aristiren maisutasuna eta hori nabaria da elkarrizketen bizitasunean eta narrazioaren arintasunean. Aparteko zailtasunik gabe, erraz irakurtzen den ipuina dugu, argumentuak, ekintzak, gertakariak eramaten zaitu orri batetik bestera, tentsio une batetik bestera.

    Pako Aristiren liburu honek bi garai eta bi kontaketa ditu: lapurren abentura, eta hau inguratzen duen kandela saltzailearen istorioa. Azken hau aurrekoa girotzeko eta, batez ere, hobeto ezagutzeko dugu. Izan ere, urtzailea eta Maria Catalinaren arteko amodioa... eta ostutako zilarrarekin gertatu zena azaltzen baitigu kandela saltzaileak liburu amaieran.

    Juan Inazio Mendizabalen ilustrazio errealistak, garaiko giroa eta jantziak ederki islatzen dituzten ilustrazioak, guztiz aproposak dira honelako abenturazko eta abenturak baino zerbait gehiago kontatzen duen ipuinerako.
    - Felipe Juaristi, Diario Vasco Zilar bila.

    Ipuin polita da Pako Aristiren hau, izenburutik hasita. Soinu ederra kanpaiarena, Azpeitiako alde horretan esaten den bezala. Bigarren karlistadako historia bat dakarkigu, gainera. Gerrari buruzko kontaeretan abentura izan ohi da oinarrizkoena. Eta hemengoan abentura ugari aurkituko ditu irakurleak. Pako Aristik ipuin honetan narratzaile bat sartzen du, narrazioa gero bideratuko duena. Herri txiki batean argirik gabe gelditzen dira, etxekoak telebista ikusten ari diren uneantxe. Kandela-saltzaile bat pasatzen da herritik eta berak kontatzen du Beizamako kanpaidorreko kanpaia lapurtu zutenekoa.

    Abenturatzaile bat dugu historia horren protagonista: Baptiste Lizarraga, azeria bera maltzurragoa, Axular bera baino ipuin-asmatzaile handiagoa. Talde bat osatuko du kanpaia lapurtzera joateko. Haseratik sortuko zaizkie arazoak, ordea. Izugarri kostako zaie kanpaia bere tokitik kendu eta gurdira ekartzea. Izugarri, gurdia ibilian jartzea. Hori ere lortuko dute. Baina seguru daudela uste dutenean, orduan kanpaiak hil-bezperak joko ditu, Santa Kruz apaizaren taldearekin topo egingo baitute.

    Horixe da, gutxi gora-behera, Pako Aristik kontatu duen historia. Gerran gertatzen den bezala, kontaeran ere nahasketa handia dago: kanpai-lapurrak, karlistak eta, azkenik, liberalak. Ez dugu lehenago esan, baina kanpaia lapurtzeko arrazoia oso simplea da. Beizamako kanpai hori erdia zilarrezkoa da. Kanpaia tona bat pisu dela jakinik, atera kontuak.

    Ondo amaitzen den historia dugu, bestalde. Ez da azeriena irabazian ateratzen dena, baizik eta sentimendu onenak ageri dituena. Hori Pako Aristiren lezioa da. Bakoitzak atera bitza bere ondorioak.
     

ATZERA