AURREKO EDIZIOAK > 2020-2021

Momo

Momo
  • Egilea: Michael Ende
  • Maila: DBH 3-4
  • Argitaletxea: Begiko
  • Urtea: 2019
  • Azalpena:

    Momo neskatila Italiako hiri bateko anfiteatro baten hondakinetan bizitzen jartzen da. Bazterreko auzo baten mugan dago kokatua, eta inguruko auzotar pobreez gain ez da handik inor ibiltzen. Neska xaloa eta maitekorra da, eta dohain bat dauka: badaki besteei entzuten. Horregatik, helduek, gazteek zein umeek berarengana jotzen dute barrenak husteko beharra sentitzen dutenean. Entzute hutsarekin triste daudenak hobeto sentitzea lortzen du, haserre daudenak beren arazoak konponbidean jartzen ditu, eta aspertuta daudenak Momorekin hitz eginda gauza dibertigarriak pentsatzen hasten dira. Lagun asko ditu, eta zoriontsu eta lasai bizi dira denak.

    Apurka, ordea, hiriko giroa txartzen hasten da. Nondik edo nola sortu diren jakin ez, baina halako batean Gizon Grisak hirian bueltaka hasiko dira, eta biztanleen bizimodu baketsua eta lasaia goitik behera aldatuko dute. Harrigarriena da Momo ez beste inor ez dela euren presentziarekin ohartzen. Hasieran urrutiko auzoetako jendea bereganatuko dute, baina une batetik aurrera Momoren lagunak ere euren atzaparretan eroriko dira. Aurrerantzean hiritarrak ez dira gehiago egiten dutenaren jabe izango. Inork ez du izango ezertarako astirik, ez umeekin jolasteko, ezta lagunekin egoteko ere. Gezurrak medio Gizon Grisek denbora lapurtzen diete, eta behin denbora faltan daudela denak triste eta haserre ibiliko dira. Baina, Momo, bere nortasun bereziagatik, ez dute hain errez bereganatuko.

    Michael Endek 1973an idatzi zuen eleberri fantastikoa da “Momo”.

    Hainbat itzulpen izan ditu gurean. 1988an itzuli zen lehen aldiz euskarara, 1998an bigarrengoz, eta 2019an hirugarrengoz, azken itzulpen honekin jatorrizkoaren prosaren kalitatea bermatuta geratu delarik.

    Obra luzea da, tarteka irakurlearen pazientzia eskatzen duten horietakoa, nahiz eta tentsio dramatikoa goratzen nabaritzen den etengabe. Guztira dituen 21 atalek erritmoa kudeatzen laguntzen dute. Gainerakoan ez dauka zailtasunik. Kontakizuna denbora jarraituan gertatzen da, pertsonaia gutxirekin, eta agertoki aldaketa gutxirekin. Nahasmendua sor daiteke obraren azken laurdenean denboraren izaerari buruz egiten diren zenbait hausnarketa filosofikorekin, baina saihesgarriak dira, gertaeren kateamendutik paraleloan eskaintzen direlako.

ATZERA