AURREKO EDIZIOAK > 2021-2022

Coraline

  • Egilea: Neil Gaiman
  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2019
  • Itzultzailea: Julen Gabiria
  • Ilustratzailea: Dave McKean
  • Orri kopurua: 180
  • Adina: 12tik gora
  • Laburpena:

    Fantasia beltzeko eleberria da, 2002an argitaratua lehen aldiz, ingelesez.

    Kontakizunak ez du aparteko zailtasunik irakurle trebatuarentzat. Haria lineala da --ez dauka ez denbora ezta leku jauzirik-- pertsonaia gutxirekin eraikia dago eta, finean, heroi ausart batek sorgin gaizto bat garaitzeko borroka deskribatzen da. Coraline eta bere gurasoak etxez aldatzen direnean hasten da istorioa. Garai batean etxetzar zena orain zatikatuta dago lau bizitokitan. Sotoko bizitzan bi andre zahar bizi dira, garai batean aktore-edo izandakoak. Teilatupekoan gizonkote zahar bat, saguak zirkurako hezten omen dituena. Lehen solairuan bi bizitza daude, erdiz erdi, Coralineren familiak hartutakoa bat, salmentan hutsik dagoena bestea.

    Bertan jarraitzen du ere etxetzarra garai bateko biztanleen gozamenerako inguratzen zuen lorategiak, gaur egun zaindu gabeko paraje zarpail bat baino gehiago ez bada ere, arboladi, urmael, putzu eta tenis-pistarekin. Eskolan hasi baino aste batzuk lehenago iritsi direnez, Coralinek etxea eta inguruak ezagutzen ematen ditu egunak, eguraldiaren hitsaren arabera. Hainbeste gauza bitxi daudenez, inguruan beti zelatan sumatzen duen katu beltza da gutxien harritzen duena. Aitzitik, etxe barruan, egongelan, ondoko bizitzara ematen duen adreiluz itxitako ateak--hark bai-- susmoa pizten dio. Batzuetan ate atzeko adreiluak desagertu direla iruditu izan zaio, eta norbait (ala zerbait) atzera eta aurrera dabilela.

    Egun batez, egongelako atea zabaldu eta adreiluen ordez igarobide luze bat agertzen zaio. Hura zeharkatu eta bere etxearen berbera dirudien leku batera iritsiko da, zeinetan benetako pertsona eta lekuen erreplika igualak dauden --baita gurasoak ere--, desberdintasun txiki batzuekin, ez denak txarrak. Esaterako amaizunak jateko nahi duena ematen dio, eta berarekin egon nahi du, ez benetako amak bezala. Honegatik hasieran leku berria gustatu egingo zaio, nahiz eta amaordeak azkazal luzeko esku mehatxagarriak dituen, eta aitaizunak zein gainerako pertsonek halako ahuldade edo hutsaltasun deskribaezin bat islatzen duten, lekuek eta gauzek bezala. Bi aldeetan nortasuna mantentzen duen bakarra katua da, salbuespen batekin, Coraline ohartuko denez: erreplikazko munduan katua mintzo da. Eta mintzatze horretan gauzak zertan diren ulertzen lagunduko dio...

  • Prentsako aipamenak:

    Imanol Merceroren kritika Berrian

ATZERA